Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Maider Morras (EH Bilduko alkategaia):

"Bus-geltoki berriak oinezkoentzat espazioa handituko du, zirkulazioa kaltetu barik"

595.UdalHautesk19.EHBildu.Mugikortasuna (id: 5054572)


Irudiak: EH Bildu / Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko maiatzak 22, asteazkena

 

Euskal Herria Bilduk gaur eguerdian planteatu du oraingo Garibai etorbideko autobus geralekuak kentzea, eta geltoki berri bat egitea Kontzeziñoko biribilaren inguruan, oinezkoendako espazioa handituz.

 

Balizko geltokia egiteko, Jose Maria Arizmendiarrieta plazako (Laubide plazako) 5 metro hartuko lituzke, birziklatze edukiontzien ondoko berdegunearen ondoko 5 metroak.

 

Zati horri gehituko litzaioke Kontzeziñoko egungo biribila, eta denera 2.700 metro koadroko superfiziea lortuko litzateke, bertan geltoki berria egiteko. Bergarako egungo geltokiak 1.800 metro koadro ditu. 

 

"Orain Garibain zerbitzua ematen duten autobus guztiek lekua izango lukete geltoki berrian" argitu du Maider Morras alkategaiak. 

 

Balizko geltokiak "oraingo paradek baino markesina handiagoak izango lituzke, eta posible balitz komunak izango lituzke".

 

Azpiegitura hau "txukuna eta erosoa izango litzateke", eta baterian geratutako 7 autobusentzako toki nahikoa izango luke. 

 

Geltoki berriak ahalbidetuko luke Garibai eta Biteri etorbideak oinezkoentzat izatea, autobusen joan-etorririk gabe.

 

Horrek suposatuko luke pertsona nagusiendako, umeendako eta oro har oinezko guztiendako espazio gehiago, terrazak jartzeko aukera,... Bidegorria ere bertatik igarotzea aurreikusita dago.

 

Gainera, EH Bilduk planteatzen du Nafarroa etorbidea norabide bakarrekoa izatea, Maiatzaren Lehena plazatik Mankomunitateko biribilera, noranzko horretan. Beraz, Laubideko lurrazpiko parkinga erabiltzen jarraitu ahalko litzateke.

 

Era berean, Zerrajera kalea (Consumer dagoen kalea) ere norabide bakarrekoa izango litzateke, Mankomunitateko biribiletik Maiatzaren Lehena plarara, noranzko horretan. Ondorioz, norabide bakarrakoak izango lirateke Zerrajera kalea eta Nafarroa etorbideko zati bat. 

 

Horrela, Bergara ingurutik etorriko liratekeen autobusek geldialdiak egingo lituzkete Musakolan, ospitale parean eta, Zerrajera kaleari jarraituz, Maiatzaren Lehena plazatik igarota, geltokira bertaratuko litzateke. 

 

Hau da, "Lidl ingurutik Kontzeziñora arte ez da autobusen joan-etorririk izango Gipuzkoa etorbidean eta Garibai etorbidean. Horrek aukerak emango ditu bidegorria, oinezkoendako guneak,... egiteko". 

 

Horrek suposatuko luke ere Elmako etxeen ingurutik ez litzatekeela autobusik pasatuko, gaur egun ez bezala. 

 

Aldaketa horiek guztiak kontuan hartuta, gaur egun dauden "garaje guztiak erabiltzen jarraitu ahalko dira". "Baita Arrasate pasealekuko aparkaleku guztiak erabiltzen jarraituko ahalko dira".

 

"Oraingo gobernuak aurreikusten du autobusen joan-etorriak mantentzea Roneoko etxeen inguruan, etxeen inguruan 'errotonda' bat egitea. Guk planteatzen dugu autobusen joan-etorri horiek guztiak kentzea bertatik, Kontzeziño pareko geltoki berriari esker".

 

EH Bilduk ziurtatu du planteamendu hau "bideragarria dela eta profesional pilo batekin kontrastatu dugula".

 

San Andresko hainbat bizilagun "esan digute adibidez Donostiarako autobus zerbitzuak ez direla euren auzoan geratzen. Geltoki berriarekin zerbitzu horiek behintzat apur bat hurbilago izango dituzte".

 

 

595.Bus-geltokia.EHBILDU (id: 3417030)
 

 

Geltoki hori egiteko Jose Maria Arizmendiarrieta plazako 5 metro baino ez lirateke beharko, eta ondorioz plazan "merkadilloa, jaietako zezen plaza, Santamasetako Feria eta bestelako ekitaldiak egiten jarraitu ahalko litzateke".

 

Maider Morras alkategaiak aurreikusten du, balizko geltokia egin baino lehen "herritarrekin, bizilagunekin, autobus erabiltzaileekin, autobus gidariekin,... hitz egingo dugula. Parte-hartze prozesuaren ostean, eta herritarrekin proposamena finduta, proiektu zehatza egingo dugu".

 

Oro har, koalizio berdearen mugikortasun planteamendua "herri osorako eta integrala da, eta hemendik hasi gura dugu. Kontuan hartu behar da gutako askok ohiko autobus zerbitzuen erabiltzaileak garela".

 

Taxi zerbitzua gaur egun Garibain dago, eta "aztertu dugu Kulturola inguruan jartzea, baina ez dugu baztertzen Garibain jarraitu ahal izatea".

 

Oro har, egitasmo honekin "erdialdeko zirkulazioa deskongestionatuko da, eta oinezkoendako aukera mordo bat irekiko dira, trafikoa kaltetu barik. Arrasate eroso eta moderno bat gura dugu". 

 

Bidegorri sarea "behingoz osotzea planteatzen dugu, baita bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea ere, horietako batzuk estaliak".

 

Erguingo igogailuen aurreproiektua "berraztertu behar dela uste dugu, bizilagun asko ez daude oso pozik aurreproiektuarekin. Igogailu asko dira baina ez dago argi bizilagun guztien beharrak asetzen dituzten edo ez".

 

Era berean, herritar ugarik eskatu dute hiri-autobusa igandeetan ere zerbitzua eskaintzea. "Orain ez da hilerrira igotzen, eta pertsona nagusi askok zerbitzu hori ematea ere eskatu dute".

 

EH Bilduk beste behin salatu du Aldundiak autobus-zerbitzu kopuruan murrizketak egin dituela legealdi honetan. "Guk hutsune horiek bete gura ditugu eskualde mailan, eta ez ditugu murrizketak onartzen".

 

Muxibar - San Frantzisko egitasmoaren inguruan galdetuta, koalizio berdeak adierazi du "parte-hartze prozesuan Udal-gobernuak espero ez zuen emaitza lortu zen, eta ez du aurrerapausorik eman. Guk, hauteskundeen ostean, gaia berraztertuko dugu, betiere herritarrekin elkartuta".

 

Mugikortasunarekin jarraituz, Aitor Zubiaga hautagaiak adierazi du koalizioaren Abiadura Handiko Trenarekiko jarrera "garbia dela: AHTa neurri gabekoa da, eta karikatura bat bezalakoa da, aberatsendako jostailu bat".

 

"Herritar guztiok dirutza bat ordaintzen ari gara, baina azterketek erakusten dute holako trenen erabiltzaileak hirietako eta maila ekonomiko altuko jendea dela".

 

Vasco-Navarro trenaren iritsieraren 100. urteurrena dugu "baina aldi berean AHTko obrekin Arrasateko gune natural garrantzitsuena [Udalaitz] kaltetzen ari dira, aberaskiloentzat, urteetan zehar milioika eta milioika euro xahutzen".

 

"Batzuek euren poltsikoak betetzen ari dira, eta guk, Arrasateko herritarrek eta debagoiendar bezala, ez dugu onurarik izango. Desastre bat da". 

 

 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE