Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Jon Mujika eta Irene Choan, 'Sanprubusa'ren sortzaileak:

"Sanprubusa Elorregitik pasatzen den jendeari bideratutako kafetegia da"

Testua eta argazkiak: Hasier Larrea / 2019ko maiatzak 6, astelehena

 

"Auzoko baserri batean bizi gara eta biribilgunean autobusa itxaroten egoten den jendeak nahiz paseatzen ibiltzen direnek halako zerbitzu bat jasotzea ideia ona dela iruditu zitzaigun". Halaxe hasi ziren zabaldu berri duten proiektuaren ideia atontzen Jon Mujika eta Irene Choan ekintzaileak: "Elorregin ez dago kafetegi bezala funtzionatzen duen eraikinik, hein handi batean, lurrak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak direlako, ondorioz, Udalek (Arrasate, Oñati zein Bergara) ez dute zuzeneko eskumenik".

 

Administrazio kontu honek buruhausteren bat eragin die proiektua gauzatzeko orduan, baita zerbitzuaren ezaugarri bereizgarriek ere. "Homologazioa, agiri guztiak, segurua... kafetegi normal bati eskatzen zaion legislazioa betetzen dugu, baina gurea proiektu berritzailea denez, urte eta bi hilabetez aritu gara tramitazioekin, hasiera batean 2018ko irailean zabaltzeko asmoa geneukan eta. Mundu honetan jende asko mantendu behar da, badakizu", adierazi du Jon Mujikak, eta gehitu du: "Oñatiko alkatearen laguntza ezinbestekoa izan da prozesu burokratiko honetan".

 

Autobusa food truck bilakatzeak ere lanak ekarri dizkie. "Euskotreneko autobusa bigarren eskuko saltzaile bati erosi genion, eta zortzi hilabetez aritu gara moldaketak egiten".

 

Aipatzekoa da kontsumo sostengarriaren aldeko apustua egiten duela Sanprubusak. "Elektrizitatea lortzeko sei eguzki plaka jarri ditugu ibilgailuaren gainaldean. Elikagaiak, ahal den moduan behintzat, tokiko produktuak izaten saiatzen gara: ogia eta kruasanak Zubilagako Ogizun okindegitik ekartzen ditugu, ostiral eta larunbatetan Aierdi baserriko ogiak salduko ditugu, edalontziak, koilaratxoak, platerak, lastotxoak... biodegradagarriak dira, plastikozkoak diruditen arren. Oñatiko Betik enpresak erraztu dizkigu material hauek", adierazi dute Elorregiko bizilagunek.

 

Joana Manzisidor eta Lexuri Doyague arrasatearrak arduratu dira Food truck-ari ukitu pertsonalizatua emateaz. Muralarteko bi artista hauek bi astez aritu dira naturarekin lotutako irudiak sprayarekin marrazten.

 

Ostiralean inauguratutako ekimen honek luzerako iraungo duela espero dute Irene eta Jonek: "Printzipioz kafetegi zerbitzua da eskainiko duguna. Sukaldaria ere badaukagu, pintxoak eskainiko dituena, eta etorkizunean hanburgesak zerbitzatzeko asmoa ere badugu. Gure nahia San Prudentzion finkatzea da, baina jakitun gara 'food truck' honek aukera ematen digula mugitzeko, beraz, ez dugu baztertzen ekitaldi konkretu batzuetan ere zerbitzu hau eskaintzea".

 

Sanprubusa 8:30etatik 20:00etara egongo da biribilguneko parkinean egunero. "Hemendik kotxe pila pasatzen da, autobusean ere jende ugari mugitzen da, bidegorritik paseatzen ibiltzen direnak ere ez dira gutxi... Poliki-poliki bezeroak erakarriko ditugula espero dugu, asteburuetan batez ere. Uda aldean ere jende gehiago gerturatuko dela uste dugu", diote zerbitzariek. Jardunaldia amaitzean, autobusa estalpera eramaten dute, hurrengo egunean berriz itzultzeko.

 

Eguraldia ere ez da aitzakia Sanprubusean egonalditxoa egiteko. "Eguraldi ona egiten duenean terraza irekitzen dugu autobusaren ondoan, eta euria egiten duenerako, barrualdean badago tokirik. Eserlekuak daudenetan utzi ditugu, originaltasuna eta esentzia emateko, eta tartean mahaiak jarri ditugu", komentatu du bikoteak.

 

 

Komun publikoak jartzeko sinadura bilketa

 

Bestalde, Elorregin komun publikoa jartzeko sinadura bilketa martxan jarri dute autobusean bertan. Duela hiru urte Oñatiko, Bergarako eta Arrasateko Udaletan eskaerak egin ziren, baina proposamenak oraindik erantzunik jaso ez duenez,  Sanprubusak behar honi abiada emango diolakoan daude ekintzaileak: "Lehen aipatutako arazoa errepikatzen da hemen, Diputazioaren lurra denez, guztiona da, eta aldi berean, inorena ere ez. Hala eta guztiz ere, uste dugu laster jarriko dutela komuna".

 

 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE