Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Industria Diseinuko Ingeniaritzako hiru ikaslek irabazi zuten.
HAU lehiaketako Euskal Herriko objektu tradizionalen erakusketa aurkeztu du MUk
Euskal Herriko Objektu Tradizionalen diseinu-lehiaketa da HAU, eta objektuok eguneratzea du xede. Lehiaketaren III. edizioaren gaia zizeilua da, sutondoan kokatu ohi zen altzari funtzionala. Eserleku luzea zen, zorutik gorako bizkar etengabea zuen eta bizkarraren erdiko zatia mugikorra.

 (id: 6725660)Testua: Mondraberri. Argazkia: Iker Murillo. 2019ko urriak 23, asteazkena.

 

 

HAU 2019 diseinu-lehiaketaren III. edizioan aukeratutako lanak ikusgai egongo dira gaurtik urriaren 22tik, azaroaren 22ra bitartean, Goi Eskola Politeknikoan (1. eraikineko 1. solairuko korridorean). Euskal kulturako objektu tradizional baten diseinua eguneratzea da lehiaketaren helburua. Aurtengo edizioan aukeratutako objektua zizeilua da, hormaren kontra eta sutondotik hurbil kokatu ohi zen altzari funtzionala. Eserleku bat zen, zorutik gorako bizkar etengabea zuena eta bizkarraren erdiko zatia mugikorra.

 

Honako hauek izan dira erakusketaren inaugurazioan: Elizabeth Urrutia, MUko Diseinu Graduko 2. mailako koordinatzailea; Carlo García, MGEPeko koordinatzaile nagusia; Carlos Sánchez, Bitamine Faktoriako ordezkaria; Fermín Leizaola, Aranzadiko etnografoa; Agurtzane Garai, San Telmo Museoko arduraduna; eta Uxue Ariztimuño, Amaia Baztarrica eta Olatz Mendiola, lehiaketaren irabazleak.

 

HAU diseinu-lehiaketaren antolatzailea Bitamine Faktoria da, San Telmo Museoarekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Ramírez i Carrillo diseinu-estudioarekin elkarlanean.

 

Erakusketan ikusgai egongo da, besteak beste, ZURA lan irabazlea, Goi Eskola Politeknikoko Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Graduko Uxue Ariztimuñok, Amaia Baztarricak eta Olatz Mendiolak egindakoa. Horrez gain, aurkeztutako lanik nabarmenenen lagina bat ere ikusi ahal izango da.

 

ZURA lanaren bidez lehiaketa irabazi duen taldeak honako sari hau eskuratu du: 600 euro dirutan eta 5 eguneko egonaldia praktiketan Ramírez i Carrillo diseinu-estudioan, Bartzelonan, gastu guztiak ordainduta. Bestalde, EAKO proiektuak ohorezko aipamena lortu du lehiaketan. Haren egilea Aizea Fernández de Lapena da, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko beste ikasle bat, eta epaimahaiak diseinuaren izaera poliedrikoa eta egungo etxearen hizkuntza komunarekin duen konexioa goraipatu ditu.

 

Zura proiektua

 

Epaimahaiak ZURA proiektua izendatu du irabazle, Uxue Ariztimuño, Amaia Baztarrica eta Olatz Mendiola Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko Graduko ikasleen lana. Epaimahaiaren aktaren arabera, «proiektuak trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi teknikoak, funtzionalak eta formalak; proposatzen duen diseinua nabarmentzen da bere hizkuntzaren eta adierazpenen aberastasunagatik; bat dator jatorrizko objektuarekin eta, aldi berean, haren ezaugarri batzuk gaur egungo usadio eta ohituretara egokitzen ditu».

 

Inauguratu den erakusketa San Telmo Museoan egon da ikusgai ekainean, uztailean eta abuztuan, eta arrakasta handia izan du.

 

Zizeilua

 

Sutondoan kokatu ohi zen altzari funtzionala da. Pieza gehienak XVI. eta XVII. mendeetakoak dira, baina XIX. mendera arte ere fabrikatu ziren. Pinu-, gaztainondo- edo makal-zurez egindako eserleku luzanga zen. Hormaren ondoan kokatu ohi zen, eta zorutik gorako bizkar etengabea zuen, haize-korronteetatik babesteko eta suaren beroa ez galtzeko. Altzari horren ezaugarrietako bat bizkarrari banden bidez lotuta izaten zuen ohol tolesgarria zen, Ohol horrek mahaiaren eginkizuna betetzen zuen, eta bermatzeko hanka bat izaten zuen. Hitzaren jatorri etimologikoa latinezko subselliu hitza da: sub (behea) + sellium (aulkia). Euskaraz hainbat hitz erabiltzen dira, eskualdearen arabera: zizailua, zizilua, ziziloa, txisilua edo txitxelua, besteak beste.

 

HAU 2019 lehiaketan aukeratutako lanen erakusketaren inaugurazioa Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoan

 

Erakusketaren inaugurazioa

Lekua: Eskola Politeknikoa (Loramendi, 4, Arrasate)

Eguna: Urriaren 22a

Ordua: 14:30-15:30

Ikasgela: 5001-5002

Lanen erakusketa:

Ikasgela: Mondragon Unibertsitateko MGEPeko 1. eraikineko 1. solairuko korridorea.

Iraupena: 2019ko urriaren 22tik azaroaren 22ra.

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE