Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Gaurtik, urriaren 14tik, datorren urriaren 27ra arte
Ogiaren eta tokiko ekoizpenaren aldeko ‘Primerako ogia’ kanpaina abiarazi da
Asteazkenean, urriaren 16an, Ogiaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta 51 gipuzkoar okindegiek ogi mota ezberdinen doako dastatzeak eskainiko dizkiete euren bezeroei.

 (id: 5600808)Testua eta argazkia: AGIPAN. 2019ko urriak 14, astelehena.

 

Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren (FMG) barne dagoen Agipan Gipuzkoako okindegien elkarteak okindegi tradizionalak nabarmentzeko eta merkataritza-establezimendu txikietan kontsumoa sustatzeko kanpaina abiarazi du berriro. Izan ere, fabrikatzaile handien ogi-ekoizpen masiboan gero eta lehiakortasun handiagoa topatzen dute. Guztira, 51 establezimenduk bat egin dute ‘Primerako ogia’ lelodun egitasmoarekin, okindegi txiki hauek duten ezaugarri nagusietako bat azpimarratzeko xedez: produktuaren kalitatea.

 

Agipan elkarteko presidente Mikel Garmendia pozik agertu da okindegi tradizionalen aldeko kanpaina berriro martxan jartzeko bat egin dutelako establezimendu ugarik. Okindegi tradizionalek ezaugarri duten lehengaien kalitatea eta ogiaren elaborazio prozesu zaindua ezagutzera ematea da egitasmoaren helburu nagusietarikoa, bezeroak sentsibilizatzeko asmoz. Garmendiaren iritziz, ekimen hauek beharrezkoak dira “kalitatezko ogiaren kontsumoa eta bertan egindako ekoizpena bultzatzen dutelako, eta Gipuzkoako enplegua mantentzen laguntzen dutelako”.

 

Agipan 140 okindegik osatzen dute, eta, guztira, 1.800 pertsonek lan egiten dute horietan. Kanpaina honen bidez, establezimendu talde honek gizartearekiko gertutasuna bultzatu nahi du, eta, aldi berean, bezeroen konfiantza eskertu. Gainera, elkartearen ezagutza zabaldu eta okindegi hauek eskaintzen dituzten produktuen eta zerbitzuen inguruko informazioa eman nahi dute.

 

Agipaneko bazkideen ogiaren kalitatea erakusteko asmoz eta Ogiaren Nazioarteko Egunaren harira, 51 gipuzkoar okindegiek ogi mota ezberdinen doako dastatzeak eskainiko dizkiete euren bezeroei asteazkenean, urriaren 16an.

 

Sari berriak

 

Kanpainaren seigarren edizio honetan sari berria gehitzea erabaki da. Gaurtik hasita, urriak 14tik, hilaren 27ra arte, okindegi hauetako bezeroek zozketa ugaritan parte hartu ahal izango dute: 12 egonaldi Euskadiko landetxetan (bi gau bi pertsonarentzat, gosaria barne), Nekaturren lankidetzari esker. Horrez gain, establezimendu bakoitzak 6 botila pertsonalizatu eta lau ogi-sorta zozketatuko ditu. Guztira, 306 botila pertsonalizatu eta 204 ogi-sorta banatuko dira kanpainan, eta irabazleek bi ogi jaso ahal izango dituzte egunero, astebetez, ohiko dendan.

 

Saltoki parte-hartzaileek kartelak izango dituzte atean, eta zozketetan parte hartzeko kutxak barruan. Bezeroek fidelizazio-txartelak jasoko dituzte, erosketa egiten duten bakoitzean markatzeko. Lau erosketa egiten duten bakoitzean, txartela kutxan sartu eta zozketan parte hartu ahal izango dute.

 

Ekimen honetan Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain, Beraun (Errenteria), Bergara, Billabona, Donostia, Eibar, Ermua, Getaria, Hernani, Hondarribia, Ibarra, Irun, Lasarte, Lazkao, Legazpi, Ordizia, Tolosa, Urretxu, Usurbil, Zarautz eta Zumarraga udalerrietako okindegiek parte hartuko dute.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE