Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Igor Urizar (Elkarrekin Podemoseko alkategaia):

"Gure proposamenek helburu dute herritar denek etxe eta lan duinak izatea"

Koalizio moreak planteatzen ditu alokairu soziala, zerbitzu publikoen munizipalizazioa, hezkuntza publikoaren indartzea, auzoak eta parte-hartzea berrindartzea,... Horretarako kaleko borrokak (feminismoa, pentsiodunen borroka,...) eredu ditu.

595.Udal.Hauteskundeak.19.Igor.Urizar (id: 9812830)


Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkia: MB Artxiboa / 2019ko maiatzak 20, astelehena

 

 

- Elkarrekin Podemosen programako oinarrietako bat etxebizitza duin bat izateko eskubidea da. Nolakoa da Arrasaten etxebizitza fataren arazoa? Zer aldarrikatzen du Elkarrekin Podemosek?


- Krisiaren ondorioz arrasatearren bizi-baldintzak asko jaitsi ziren, eta azken 8 urteetako langabeziak batez ere emakumeak eta gazteak kaltetu ditu. Krisiaren hasieran etxebizitzen prezioak jaitsi ziren, baina azken hiru urteetan alokairuen prezioak garestitu dira. Pentsa, 2016 urte inguruan alokairuaren batez bestekoa erdialdean 800 eurokoa zen. Prezio hori eta orokorrean etxebizitzen prezioak garestiegiak dira gurasoen etxetik irten gura duen gazte batentzat, errenta baxuko pertsonentzat, pertsona nagusientzat, familia monoparentalentzat,... Jende askok esan digu errealitatea halakoa dela.


Horregatik, orainaldian eta etorkizunera begira ere, arazo hau arazo sozialik eta gatazka sozialik handienetako bat da eta izango da. Gainera, lege hipotekario bat onartu da orain gutxi, eta horrek bankuei ahalmena emango die kaleratze batzuk berriro indarrean jartzeko. Ondorioz, baliteke orain arte geldi zeuden desjabetze-kaleratze horiek, hemendik hilabete batzutara berriro aplikatzea.


Arrasaten proiektu sozial bat aurrera eraman gura duten indarren lehentasun bat  etxebizitza duina izan behar du. Horretarako, proposamenak jendarteratzen ari gara eta horretan jarraituko dugu:


Alde batetik, planteatzen dugu alokairu soziala izateko dirulaguntza ematea familia monoparentalei, parentalei, prekarietatean dauden gazteei, prekarietatean dauden pertsona nagusiei, dibertsitate funtzionala duten pertsonei eta oro har errenta baxuko herritar guztiei.


Beste batetik, etxebizitza duinak bermatzeko, hutsik dauden etxeak behar dira, eta horretarako Arrasaten abiatuko dugu Bergarako esperientzia bat, etxeen jabeei aholkularitza zerbitzu bat emateko. Helburua da etxe hutsa alokairu sozialean jartzea.


Horrek ezer gutxirako balio du espekulazioari aurre egiten ez bazaio. Azken urteetan entitate bankario eta 'funts putreek' kaleratutako familia horiei guztiei etxebizitza duin bat berreskura dezaten eta etxe horiek berriro merkatuan jartzen, fiskalitatea baliatuz. Espekulazioari aurre egingo diogu. Neurri hauek hartzeko, borondatea eta ausardia beharrezkoak dira.

 


- Elkarrekin Podemosek zerbitzu publikoen munizipalizazioa planteatzen du, hori egitea ekonomikoki posible da? Lanpostu duin gehiago ekarriko lituzke?


- Bai, hori argi geratu da behin eta berriz. Garbiketa zerbitzuaren munizipalizazioa izan da Arrasateko udaletxean azterturiko azken gaia, eta Gobernuak txosten bat jakinarazi zuen frogatzeko kostuak handituko zirela, baina udalekotze modu bat soilik planteatu zuen, nahiz eta beste eredu batzuk egon badauden:


Leongo Udalak esaterako, Arrasatekoak baino aurrekontu askoz handiagoa duenak, 7 milioi euro aurreztu ditu udalekotzea aplikatu zuenetik. Munizipalizatze mota ezberdinak daude: funtzionario plazak ateratzea, enpresa publiko bat sortzea, langileak subrogatzea eta Udalak pertsonala kudeatzea,... Guk udalekotzearen aldeko apustua egiten dugu.


Hauteskundeak irabazten baditugu, sakonki aztertuko genuke zein zerbitzu diren udalekotzeko interesgarrienak, Etxez Etxeko Zerbitzua esaterako. Bertako langileek hala aldarrikatu dute lan-gatazkan zehar, beste aldarri batzuen artean. Ur-zerbitzuaren udalekotzea ere interesgarria litzateke. Garbiketa zerbitzua, orain gutxi adjudikatu den arren, bi urteko epean aztertu daiteke balizko munizipalizazio bat. Baita lorezaintza zerbitzua ere. Kontuan hartu behar da zerbitzu garestienak direla.


Eskubideei dagokienez, argi dago enpresa pribatu baten interesa etekin ekonomikoa ateratzea dela, eta horretarako modurik erabiliena langileen eskubideak murriztea da. Udal baten helburua bestelakoa izan behar du, besteak beste, kalitatezko enplegu sortzea berme publiko ugarirekin.


Udalak zerbitzuaren tamaina kalkulatu eta erabaki ditzake, eta zerbitzuaren hobekuntzarako, lanpostu gehiago sortu ditzake, lanpostu bat lortzeko zailtasun gehien dituzten pertsonendako programak abiatu ditzake,... Aukera ugari daude, pribatizatu ordez.

 


- Elkarrekin Podemosen beste planteamendu bat Eskola Publikoa indartzea da. Egungo arazoetako bat atzerritar jatorriko haurren ghettizazioa da. Nola gainditu daiteke arazo hau?


- Eskola publikoan bi arazo nagusi daude. Lehena da krisiaren ondorioz murrizketa gehien berak jasan dituela. Nik Arrasateko Institutuan ikasi nuen orain direla urte batzuk, eta orain gutxi berriro izan naiz bertako egoera aztertzeko. Irakasleekin harreman estuak ditugu, eta adierazi digute egoerak oso okerrera egin duela, azpiegiturei dagokienez, zerbitzuei dagokienean, ikasle 'ratio'ari dagokionez, segregazioari dagokionean,...


Kopuruak oso esanguratsuak dira: alor pribatuan atzerritar jatorriko ikasleen kopurua baxua da eta publikoan ordea handia. Erronka handi bat da. Hezkuntza publikoaren baliabideak ez dira erronka hori betetzeko egokiak. Jatorri ezberdineko pertsonen artean talkak sor daitezke.


Orain direla 3 urte Udalean Hezkuntzaren inguruko mahaia eratu zen, eta ikastetxeetako zuzendariek, langileek, udal-ordezkariek,... parte hartzen zuten. Baina 3 urteren osteko balantzea zero izan da. Borondatea agertu bazen ere, alor pribatukoek ez zituzten ikasle kopuruaren orekarako kuotak onartu.


Bitartean, ez dugu alarmistak izan nahi, eta ez dugu esango hezkuntza publikoa arazo honetan gainezka egin duenik, baina arazoa gero eta zailagoa da. Akordiorik ez da lortu, eta beraz 3 urteren ostean ez da planik burutu.


Guk datorren legealdirako 3 ardatz planteatzen ditugu: inbertsioak egitea (hezkuntza publikoko ikastetxeen titularitatea Udala delako), errenta baxuko familientzako testu liburuen alokairu-zerbitzu bat jartzea Kulturaten, eta segregazioaren aurkako plan bat egitea.


Segregazioa arazo larria da hainbat hiri eta herritan, Gasteizen esaterako. Arrasaten arazoak ez du tamaina bera, baina joera horixe da. Horrenbestez, neurriak hartu behar ditugu eredu osasuntsu bat lortzeko, bestela beranduegi izango da hemendik gutxira.

 


- Elkarrekin Podemosen arreta guneetako batzuk auzoak dira. Kultur ekitaldiak auzoetara zabaltzea, eta auzoek erabakitzea zein ekitaldi egitea.


- Lehenengo, planteatzen dugu auzoen esku baliabideak jartzea kultur programak egin ditzaten. Izan ere, zerbitzu ugari erabat zentralizaturik daude Arrasateko erdigunean: Amaia Antzokia, Monterron, Kulturate,... Auzoei bizitza emateko modu bat izan daiteke.


Gure beste proposamen bat da, udaletxea erdialdean dagoenez, eta indar zentralizatu bat denez, oso zaila da dinamika horretatik aldentzea. Auzotarrak dira auzoen beharrak ondoen ezagutzen dituztenak, eta horien araberako erabakiak hartzea.


Apustu demokratiko eta parte-hartzaile bat eginda, gure proposamena da auzo-alkatetzei buelta bat ematea. Izan ere, azken lau urteetan auzo-alkatetza oso gutxi mantendu dira. Horrek erakusten du gobernuaren utzikeria, ez dut nahi auzoak erreferente izatea.


Horrek erakusten du ere eredu horren porrota. Eredu sendo bat izango balitz, auzo-alkatetzak funtzionatzen egon lirateke.


Aurreko ereduak ere akatsak zeuzkan: auzo bakoitzean bozka gehien lortutako alderdi politikoak zeukan auzo-alkatea aukeratzeko ekimena. Horrek ahalbidetzen zuen alderdiak erabilera politikoa egiteko. Ondorioz, eredu horrek auzotarren parte-hartzea asko zaildu du.


Gure proposamena da Auzo-batzorde bat eratzea. Egun Udaleko OZME Batzordearen barruan dago eta oso marginala izaten ari da. Batzorde propio bat behar du, adibidez auzo-alkatetzen arteko koordinazioa egiteko eta kudeaketaz arduratzeko.


Auzo bakoitzak eskumen eta aurrekontu propioak izango lituzke. Gainera ahaleginduko ginateke, legeriara egokituz, auzotarrek asanblearioki erabakitzea eskumenak eta aurrekontuak zertarako erabili, auzoko beharrei erantzuteko.


Nik uste partaidetzari benetako edukia ematen badiozu, erabakitzeko ahalmena ematen badiozu, jendeak erantzun ona emango dio. 

 

 

- Horretan lagungarria izan daiteke Udalean Parte-hartze Batzorde bat sortzea, Elkarrekin Podemosek planteatzen duen bezala. Batzordeak auzoetan eta herrian oro har eragingo luke?


- Bai, azken 4 urteetan, gazi-gozoak izan dira zentzu horretan. Egia da ekimen batzuk aurrera eraman ahal izan ditugula, baina oposizioan jarduten baduzu, zure ekimenak aurrera egiten dutenean gobernuaren filtrotik pasatu behar izan dira.


Horrek suposatzen du gobernukideek euren buruari medailak jartzea, ekimenei eurek mugak jartzea, ... Egia da Aurrekontuen zati bat parte-hartzaileak izatea lehenbiziko adreilua direla, eta gu hori lortzeaz nahiko harro gaude, baina ezin da horretan geratu.


Lehen urtean partaidetzazko aurrekontuak 'boom' bat izan ziren, baina gobernuak interes gutxiegi jarri eta jarraipen gutxiegi egin die parte-hartze hori handitzeko eta herritarren artean zabaltzeko. Partaidetzaren balioaz konbentzituta egon behar da.


Bide honetan, hauteskunde hauetan ere Partaidetza Batzorde bat Udalean eratzea planteatzen dugu. Horrela, parte-hartzea serioski landuko da, teknikari bat horretan arituko da, aurrekontu bat izango du, baita helburuak eta plan estrategiko bat ere.


Balizko batzorde honek, parte-hartze ekintzak areagotzeaz gain, herritarrarei Udalarekiko eta oro har Administrazioarekiko irisgarritasuna erraztuko lieke. Askotan gure gertukoek azaldu digute oso zaila dela Administrazioarekin tratatzea. Hori erraztu dezake webgune batek, tramite guztiek eredu bakarra izan dezaten, aplikazio batekin, ...


Partaidetzako aurrekontuak igotzearen aldeko apustua egiten dugu. Lehen urtean harrera oso ona izan zuen, eta aurrera egin behar dugu bigarren eredu batera.

 

Herritarrek erabaki beharko lukete Udalaren inbertsioa zein politiketara edo sailetara bideratu beharko liratekeen. Adibidez, herritarrek erabaki beharko lukete Gizarte politiketan gehiago inbertitu behako litzatekeen, Hirigintza proiektuetan,... eztabaida zabalduz eta herritarrei hitza emanez.

 


- Lapurretak, istiluak,... herritar ugariren kezka iturri dira. Zelan ikusten du arazoa Elkarrekin Podemosek? Zein izan daiteke konponbidea?


- Oso arduratuta gaude, lapurreten biktimak ahulenak izaten ari dira, komertzio txikiak, tabernak,... Hori garrantzitsua da, baita ere talde bakar bat ari dela, polizien datuen arabera. Beraz, ez da delinkuentzia olatu bat, nahiz eta talde honek esperientzia handiagoa duen eta oso aktiboa den. Lapurretek erakusten dute segurtasunean hutsune bat egon badagoela.


Prebentzioari dagokionez, udaltzain kopurua handitu beharra dago, Arrasate udaltzainen Europako 'ratio'tik behera dagoelako. 35 udaltzain baino gutxiago dira, bajak daude, baliabide nahikorik ez dituzte,...


Beraz, baliabideak, formakuntza eta langile kopurua areagotu behar dira. Komertzio eta ostalaritzari begira, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio plan bat behar da. Ahulenek segurtasuna behar dute.


Taldeari dagokionez, norberak bere erantzukizunak bere gain hartu beharko ditu, epaileak erabakia hartuko duenean. Baina gizarteratzea ere kontuan hartu behar da, gazteak direlako, hainbatek formakuntzarik ez dutelako,  batzuek drogramenpekotasuna dutelako,...


Udalak baditu baliabideak laguntza jaso nahi edo behar dutenei laguntzeko, euren erantzukizuna bere gain hartuko dituztenean.

 


- Lanbidek orain dela denbora bat lan-eskaintza (edo lan-eskari) bat argitaratu zuen: Arrasateko enpresa batek 600 euroko soldata eskaintzen zuen 8 orduko lanagatik. Nola egin aurre prekarietateari?


- Azken urteetan langabezia-tasa poliki-poliki jaitsi da baina prekarietatea eta lan prekarioa areagotu dira. Adibidez, nire koadrilaren erdiak beltzean egiten du lan eta aparteko orduengatik ez du ezer kobratzen. Prekarietatea oso orokortuta dago, eta batzuk prekarietatea aprobetxatu dute poltsikoak diruz betetzeko.


Horren aurrean, gure proposamenetako bat da enplegu publiko eta duina sortzea. Izan ere, lehen aipatutako udalekotzea, eredu politiko bat ekartzeaz gain, ekonomiarentzako motor bat da: soldata duin gehiago izateak ekonomia zentzu horretara bultzatzen du.


Hortaz gain, ezinbestekoa da aholkularitza emateko udal-bulego bat eratzea, lan-baldintzetara eta eskubideetara enfokaturik. Prekarietatea batez ere sindikatu gabeko edo gutxiko sektoreetan ematen da. Nire bizitza profesional ia osoan zerbitzari izan naiz eta hirugarren sektorean prekarietatea oso zabalduta dago, hau da, Arrasaten gero eta indar gehiago duen sektorean. Horrenbestez, Lan Eskubideen Behatoki bat behar da, Iturbideko langileekin eta Etxez Etxeko Zerbitzuko langileekin gertaturikoa errepikatu ez dadin inon. Behatoki hori lehen pausua izango litzateke.

 


- Elkarrekin Podemoseko zerrendan saharar jatorriko pertsona bat dago. Zer ekarpen egin dio koalizioaren hauteskunde-programari?


- Taghla Saharako kanpamentu batean jaio zen, baina 12-14 urte zituenetik estatuan bizi izan da, hasierako urteetan Malagan. Hemen 6-8 urte bizitzen daramatza, eta orain direla 3 urte gugana etorri zen, politika munduarekiko interesa zuelako, 'Coletas'ek telebistan esaten zituenekin ados zegoelako, eta saharar kausa defendatzen duen alderdietako bat Podemos delako.


Pertsona oso lanpetua da, bi lan aldi berean eduki izan ditu, orain lan bat dauka, karga familiarrak ditu, eta horregatik gurekin nahi baino gutxiagotan parte hartzen du. Printzipio irmoak ditu, ez da isilik geratzen, ez da inoren aurrean kikiltzen,... Bere bizi-esperientzia gure taldearentzako ekarpen oso positiboa da.


Debagoienean 200 familia saharar baino gehiago daude, Arrasaten 100dik gora dira, komunitate handienetako bat da, eta bada garaia hori ordezkatzeko. Bere borondate irmoak eta taldearen esanetara prest izateak konbentzitu gintuzten.


- Ahal Dugu eta Ezker Anitza-IU batera aurkezten zarete Udal-hauteskundeetara. Nolakoak izan dira negoziaketak?


- Ez da bateratze zaila izan, azken 4 urteetako bizitza instituzionalean eta kaleko hainbat borroketan elkarren ondoan izan gara. Bion egunerokotasunetan eta diskurtsoetan ezberdintasunak egon badaude baina ez dira estrategikoak. Ziurrenik %90ean berdin pentsatzen dugu.


Arrasateko herriak ez luke ulertuko bi indar politikook banatuta aurkeztea Udal-hauteskundeetara. Udal mailan ez dago urruntzen gaituen ezer. Zer-nolako formula erabiltzea aztertu dugu eta proiektu amankomun bat landu dugu.


Gainera, arrisku bat egon badago: PNV eta PSOE berriro gobernuan izatea, eta horren aurrean, ezkerreko proiektu ahalik eta zabalena eskaini behar diegu arrasatearrei, betiere printzipio politikoei muzin egin gabe. Espero dugu hauteskundeetan emaitza onak izatea.


- Elkarrekin Podemos gobernukide izango litzateke?


- Nik uste dut oso osasungarria dela herritarrei azaltzea, hauteskundeak baino lehen, euren botoa zertarako baliatuko den. Nik uste Elkarrekin Podemosek ez dituela zalantza asko eragiten, nahiko argi dago zein proiekturen alde egingo genuke:


Guk ezkerreko gobernu bat defendatuko dugu, ez diogu giltza emango murrizketak eta politika neoliberalak gauzatzen dituen alderdi bati. Horrelako politikak ez du soilik alderdi batek egiten Arrasaten. Azken 4 urteetan gobernatu dutenak bi alderdi izan dira. Ez diegu giltzarik emango.


Beste eztabaida bat da gobernuan aritu edo gobernutik kanpo, norberaren independentzia politikoa kontserbatzeko. Eztabaida horretan gaude. Erabakian eragina izango du zinegotzi kopuruak:


2 zinegotzi izatea 8-9 zinegotziko gobernu talde batean indar gutxi izatea da, erabaki ahalmen gutxi suposatzen du. 3-4 zinegotzi izateak indar gehiago izango luke.
Egia da gobernu batean izateak aukera ugari ematen dizkizula zure programa aplikatzeko, baina gobernu partekatuetan erantzukizunak ere partekatuak dira, eta kontuan hartu behar da alderdi bakoitza alderdi bat dela.


- Zerbait gehitu edo azpimarratu nahi baduzu, aurrera, zurea da hitza.


- Uste dugu koalizioa egitea apustu egokia izan dela Arrasate sozialista, feminista eta ekologista batean eraldatzeko. Gure intentzioa da kaleko borroken eta mugimenduen lezioak ikasiz aurrera eramatea: feminismoaren borroka, pentsiodunen borroka, etxez etxeko zerbitzuaren borroka,... Guretzat erreferentzia dira, eta uste dugu horiek aurrera eramaten jarraitzeko aukera ona, ezkerreko aukerarik onena Elkarrekin Podemos da.

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE