Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Maria Ubarretxena, Arrasateko EAJko alkategaia:

"Esanak esan, Arrasaterekiko dudan konpromisoa berretsi nahi dut, ez da egia bi urte barru joango naizenik"

Elkarrizketatua: Maria Ubarretxena / Elkarrizketatzailea / Hasier Larrea / 2019ko maiatzak 22, asteazkena

 

Legealdi honen gaineko ze balorazio egiten duzu?

 

Legealdi hau garrantzitsua izan da, besteak beste, mugikortasun plana onartu delako. 2005etik berritu gabeko gai hau alderdi guztien adostasunarekin onartu da. Etorkizuneko Arrasate nolakoa izan behar den pentsatzeko orduan ez genuke desberdintasun handiegirik izan beharko. Herri honek XXI. mendeko herrietara egokitu behar duela uste dugu. Horretarako, Ekobulebarra proposatzen dugu, Etxaluzetik Maalara doan pasealekua, bidegorriarekin.

 

Bestalde,Etxaluzetik Zigarrolarako bidegorria guztiz diseinatuta dago jada, herriko bidegorri guztiak eta eskolarako bideak kontutan hartzen dituena. Guretzat oso inportantea da umeak eskolara oinez joan ahal izatea, dauden tokian daudela. Beraz, falta dena obrak epeka egitea da. San Andreseko obra fasea irailean hasiko da, eta hurrengo legealdirako proposatzen duguna  da Etxaluzetik Musakolako kiroldegirainoko bidegorri zatia egitea.

 

Auzoen gaiari helduta, zein da EAJren proposamena?

 

Legealdi honetan inbertsio handiak egin dira auzoetan. Estali diren parke guztiak auzoetan kokatuta daude: Itxaropena, Gorostiza, Makatzena... Mugikortasun bertikalari garrantzi handia eman behar diogula uste dugu. Horretarako, Udal gobernuan jarraitzen badugu, Erguin auzorako igogailuaren obrak eta Santa Teresako igogailua egingo dugula hitz ematen dugu.

 

Kiroldegi berriaren aurreproiektua idatzita dago jada...

 

Aurreproiektua klub guztien beharrak jaso ostean idatzi zen. Arkitekto bati aurreproiektua egiteko eskatu zitzaion, bi helbururekin: jakin nahi genuen, alde batetik, ea kiroldegi berriak erabiltzaile guztien beharrak aseko zituen, eta bestetik, gutxi gorabeherako kostua.

Diru laguntzak eskatzeko beharrezkoa da aurreproiektua idatzita edukitzea. Gipuzkoako inbertsio asko Donostialdea, Tolosaldeara... bideratzen dira, eta Debagoienara ez da iristen guk behar bezain beste. Guk ere badugu eskubidea inbertsioa gure eskualdera ekartzeko.

 

Juan Arzamendi eta Kulturola proiektuak ere martxa hartzen ari dira.

 

Musika Etxea 10 urtez egon da egoera prekarioan. Alderdi politiko ezberdinen programetan beti egon da gai honi konponbidea emateko borondatea, baina orain arte ez zaio soluziorik aurkitu. Arrasate tradizio kultural handiko herria dela jakitun, Kulturola eta Juan Arzamendi eraikinek kultura elkarte guztien beharrak aseko dituztela uste dugu. Bailara honetan erreferente izango den nukleo kulturala eraikitzen ari gara.

  (id: 4501132)

Eraikin hutsetan ere proposatu dituzue ekimenak.

 

Uste dugu Elma eraikina herritarren tramiteak errazteko gunea izan daitekeela. Lanbideko bulegoak, kontsumitzailearen arreta bulegoa eta Mugi txartela tramitatzeko bulegoa bertara eraman nahi ditugu.

 

Lanbideko bulegoak Elmara eramanez gero, libre geratuko litzateke Ospitale ondoko trenbideko eraikina. Esparru honetan gazte eta nerabeei zuzendutako aisialdirako gune bat jartzea proposatzen dugu.

 

Monterron jauregiari dagokionean, proposamenetara guztiz zabalik gaude.

 

Azoka dagoen tokian mantendu behar da?

 

Azokan lanketa bat egin zuen Udalak. Emaitzaren arabera, erabiltzaileen %60k esan zuen azokaren kokapena egokia zela. Baserritarrek gustura zeudela adierazi ziguten. Ondorioz, ez dugu azoka lekuz aldatzea aurreikusten, bai ordea txukundu eta egokitzapenak egitea.

 

Langabezia tasak jaisteko ze konpromiso hartzen du EAJk?

 

Arrasaten legealdi honetan sei puntu jaitsi da langabezia. Hala ere, gehiago jaitsi behar dela uste dugu. Duintasunezko enplegua lortzeko formazioa ezinbestekoa denez, gai honi berebiziko arreta jarri nahi diogu. Bailara honetan formaziorik gabeko langileak %18a dira, EAEn %14. Formazioa da gakoa beraz, indarrak jarriko ditugu hemen.

 

Udaltzaingoaren aferaren inguruan zerbait komentatzeko?

 

Hasteko, Udaltzaingoak oso lan ona egin duela azpimarratu nahi dut, interbentzio asko egin dituelako. Prentsan hainbat Udaltzaingok egin duten idatziarekin bat egiten dut, non eskatzen den Udaltzainen afera kanpainatik kanpo lagatzea. EAJk ez du segurtasunaren gaia joko politikoa egiteko erabiliko.

 

Lapurreten gorakadaren aurrean, zein da konponbidea?

 

Prebentzioa eta aktuazioa proposatzen ditugu segurtasunean.

 

Prebentzioan bi programa jarri ditugu martxan: lehena, San Juan de Dios ospitalearekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean. DBHko ikasle guztiak kontutan hartzen dituen programa berritzailea lantzen gabiltza, eta LH 5-6 mailatara eramatea egoki ikusten dugu.

 

Bigarrena, Kalexka elkarteko gizarte hezitzaileekin. Zerbitzu bat abiatu dugu Hondarribi kaleko Udal eraikin batean. Momentu honetan 15 lagunek parte hartzen dute bertan, hurrengo legealdira begira 30 pertsonak parte hartzea lortu nahi dugu.

 

Interbentzioaren aldetik, gure programaren segurtasun plan operatiboak Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin harremana eta koordinazioa estutzea planteatzen du.

  (id: 4658484)

Zerbait gehiago gehitu nahi duzu?

 

Jendeak kalean galdetu dit ea alkate izaten jarraitzen badut hemendik bi urtetara Arrasatetik joango naizen. Nik berretsi nahi dut Arrasaterekiko dudan konpromisoa, eta berriz ere alkate izateko ohorea baldin badaukat, hurrengo lau urteetan Arrasateko alkate izaten jarraituko dudala hitz ematen dut.

 

Azkenik, nor da Maria Ubarretxena?

 

Humanitate eta enpresan lizentziatua naiz, Goizper kooperatibako bazkidea. Gaur egun eszedentzian nago kargu politikoa betetzeko. Igeri egitea,margotzea eta trikitia jotzea gustatzen zaizkit.

 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE