Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Korrikalariak 350 izango dira, eta sariak parekideak

Azken ediziotako irabazleak lehiatuko dira domekan Arrasate-Udalatxen

Mondraitz klub antolatzaileak gaur aurkeztu du bosgarren edizioa. 350 korrikalariek ohiko ibilbidea egin beharko dute. Aurten edalontzi berrebilgarriak izango dituzte eskura. Eguraldi lehorra aurreikusten da domekarako.

595.Arrasate-Udalatx.5edizioa.Aurkezpena (id: 6358962)


Bideoak: Mondraitz Kirol Kluba / Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko apirilak 9, asteartea

 

Mondraitz Kirol Klubeko lagunek Arrasate-Udalatx mendi-lasterketaren bosgarren edizioa aurkeztu dute gaur arratsaldean Hoba tabernan.


"Indarberrituta eta ilusioarekin" antolatu du Mondraitzek 5. edizioa, Ganix Lasak azaldu bezala, "beste edizio arrakastatsu bat lortzeko asmoz".


Bosgarren edizioa ere 21 kilometro luze izango da, 1.200-1.250 metroko desnibel positiboarekin. Ibilbidea berbera izango da, "eguraldiak aldaketarik behartzen ez badu behintzat".


Ondo bidean, lasterketa Herriko plazatik abiatuko da, Anporreta aldera igoko da, ondoren Udalatxeko tontorreraino igoko da, gero Besaidera jaitsi, eta Udalatik igarota, Herriko plazara itzuliko da. Beraz, ibilbidea azken edizioetako berbera da.


Orain arteko errekorrak Julen Larruzeak (iaz lortua, ordubete eta 47 minutuko marka) eta Oihana Azkorbebeitiak (2017an) dituzte.


Anoa postuak eta bestelako puntu garrantzitsuak ohiko tokietan izango dira: "Anoa postuak Meatzerrekan, Udala auzoan, Udalatx puntan, Besaiden eta (lasterkariek proba amaitu ahala) Herriko plazan izango dira".

Antolakuntzak 350 pertsonentzako izen-ematea ireki zuen, eta 4 ordu eskasetan, plaza guztiak bete egin ziren. Alde horretatik "eskerrak ematen dizkiegu guztiei eman duten erantzunagatik, baina penatuta gaude izena eman gura zuten guztiak ezin izan ditugulako hartu", adierazi du Mondraitzeko Iñigo Alzolak.

 
Ia 200 korrikalari bailarakoak dira, eta 119 korrikalari arrasatearrak dira. "Alde horretatik oso pozik gaude, gure helburuetako bat inguruko korrikalariek bertan parte hartzea delako, bertan goza dezaten".


Klub honen beste erronka bat "hasieratik izan da nesken parte-hartzea bultzatzea, eta aurten iaz bezala, 27 emakume inguruk hartuko dute parte. Ea etorkizunean kopurua igo dezakegun".


Parte-hartze herrikoiaz aparte, "oso gustuko dugu lehiaketa", eta Mondraitzek 5. edizio berezi honetan aukera eman du aurreko edizioetako irabazleek aurten parte har dezaten. Ondorioz, besteak beste, azken edizioetako hainbat txapeldun lehiatuko dira:

  • Julen Larruzea, iaz lasterketako errekorra ondu zuen
  • Aitor Ajuria
  • Aritz Ejea, Salomoneko korrikalari
  • Euskal selekzioko hainbat partaide (Iban Letamendi, Hassan Ait Chaou eta Asier Larruzea)
  • Oihana Azkorbebeitia, errekorra duena
  • Maite Etxezarreta, euskal selekziokoa
  • Ainhara Uribarren oñatiarra, sasoiko dago
  • Ainhoa Lendinez
  • Ane Zabala arrasatearra eta iazko irabazlea
  • Isa Casado arrasatearra

Aurtengo mailak aurreko urteetako berberak dira, baina Mondraitzek, 5. edizioa dela, "esfortzu bat egin dugu - Eneko Urrizalkik azaldu bezala - eta aurreko urteetako sariak bikoiztu ditugu":

  • Sariak berdinak dira gizonezko eta emakumezkoetan, kategoria absolutuan
  • Sariak berdinak dira gizonezko eta emakumezkoetan, beteranoen kategorian
  • Sariak berdinak dira gizonezko eta emakumezkoetan, lehen arrasatearrei dagokienean (otar bana jasoko dute)
  • Udalatx puntan denbora onenari saria

Gainera, lasterketako babesleek erregalatutako opariak parte-hartzaileen artean zozkatuko dituzte, Ternuak, Athlonek,... oparituak.


Babesle nagusiak Arrasateko Udala, Eroski, Laboral Kutxa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arteman, Goiena eta Ternua dira. Laguntzaile ugari ere baditu, eta guztiei eskerrak eman dizkiete prentsaurrekoan. "Eurei esker posible dugu lasterketa Arrasaten egitea".

 

Tartean dira ere herriko hainbat taberna, besteak beste, Hoba taberna, gaurko aurkezpena egiteko lekua utzi duena.

 

595.Arrasate-Udalatx.5edizioa.Kartela.MONDRAITZ (id: 6698494)

 


Dortsalak jaso ahalko dira lasterketa eguna baino lehen, Intersport-Loramendiren San Andresko dendan. "Baliteke ostegunean dortsalak bertan eskuragarri izatea. Edonola ere, ostiralean eta larunbatean eskuragarri izango dira ziur".


Gainera, dortsala bertan jasoko dutenen artean zozketa bat egingo da, eta sariak emakumeendako eta mutilendako bina zapatila pare izango dira.


Eguraldiari dagokionez, iragarpenek giro lehorra aurreikusten dute iganderako. "Ekaitza botako balu, Antolakuntzak aldaketak egiteko aukera izango du, baina ez dugu uste holakoren bat gertatuko denik".


Mondraitzek herritarrak animatzen ditu lasterketan publiko bezala parte hartzera, baina dei egin behar izan du "jendeak kotxea eraman ez dezan Udala auzora. Aurreko edizioetan, eguraldi ona izatean, kotxe-ilara handiak sortu dira".


"Posible bada hobe oinez joatea, bai Besaiden, bai Udalatxen, bai Udalan,... lasterketaz bertatik bertara gozatzeko".


Aurten Arrasate-Udalatx eta Korrika Arrasaten egun berean ospatuko dira, euskararen aldeko lasterketa zapatu eta domeka arteko goizaldean iritsiko baita.


"Handicap txiki bat da - adierazi du Mondraitzek - . Guk orain direla 6-7 hilabete erabaki genuen Arrasate-Udalatxen aurtengo data, eta ezustekoa izan genuen jakitean Korrika egun berean gure bailaratik igaroko zela".


Mondraitzek bilera egin zuen "Korrikaren bertako antolakuntzarekin, boluntarioekin,... eta azkenean erabaki genuen datari eustea". "Herritarrak animatzen ditugu Korrikan ere parte hartzera, eta aukera dago hori egin eta Arrasate-Udalatxen parte hartzeko".


Arrasate-Udalatxen orain arte plastikozko edalontziak erabili dira, eta "aurten apustua egin dugu: edalontzi berrerabilgarriak jarriko ditugu lasterkarien eskura, plastikoaren kontsumoa jaisteko eta ingurugiroa gehiago errespetatzeko".

 

Gogoan izan lasterketa goizeko 10:00etan abiatuko dela Herriko plazatik, eta esfortzu itzela egiten duten parte-hartzaileek publikoaren animoak eskertzen dituztela. 

 

mondraitz.eus


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE