Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataforma:

"Gure ekimena, PNVek baldintzatu duen arren, Legea lortzeko oinarri da"

Euskal plataformak azaldu du herri-ekimen legegile bat lantzen zebilela. Alabaina, EAJ-PNVek hori jakinda, beste ekimen bat aurkeztu zuen. Plataformak baloratu du "PNVk 180 graduko bira" eman izana, eta erabaki du bere ekimena "bertan behera uztea behin-behinean". Halere, alderdiei ekimena exijitu die "Lege Oso, Plurala eta Eraginkorra lortzeko".

500.Plataformaren.Prentsaurrekoa.Gasteizen (id: 4908434)


Argazkia: plataforma / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2019ko uztailak 25, osteguna


Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak atzo goizean prentsaurrekoa egin zuen.

 

Bertan bi arrasatearrek parte hartu zuten, plataformako kide edota fusilatutakoen senide gisa: Maite Uranga eta Juan Ramon Garai. Baita Juan Luis Merino eskoriatzarrak ere.

 

Ordezkari honek oraintsu Maria Servini epaile argentinarrari arrasatearren aurkako fusilamenduen berri eman die.


Bide honetan, euskal plataformak beharrezko ikusten du Memoria Historikoaren Lege Oso bat egitea. Horrela, gai honen inguruko aurrekariak azaldu ditu:


2017ko azaroan Elkarrekin-Podemosek gai honi buruzko proposamen bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, baina gehiengoak errefusatu zuen.

Bide honetan, 2018ko otsailean EH Bilduk beste lege proposamen bat aurkezten zuen, eta berriz ere errefusatu zen EAJ-PNV, PSE eta PPren botoekin.

Hala ere, "presio sozialaren eraginez, handik denbora gutxira", PPk izan ezik, legebiltzarreko beste lau alderdiek erdibideko zuzenketa bat onartu zuten.

Zuzenketa horrekin Legebiltzarrak Gogora Institutuari txosten bat egitea eskatu zion, "Memoria historikoaren politika publikoek izan ditzaketen premiak identifikatzeko".

Lan honetarako, aditu talde bat kontratatu zuen, eta taldeak 2018ko azaroan behin-betiko txostena aurkeztu zuen. Adituen taldeak, informearen bitartez, beharrezkotzat adierazi zuen "Memoria Historikoaren Lege Oso baten premia", "aurrez egindakoa kontuan izango duena".

Aurtengo otsailean Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak Legebiltzarreko Giza-Eskubideen Batzordean parte hartu du. Bertan berretsi du "horrelako Lege baten premia".

Era berean, alderdiei galdetu die, adituen txostena kontuan hartuta, zein izango den beraien jarrera. Jokabideak "argi geratu ziren":

"PSE, Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu bat datoz gure iritziarekin, eta Legearen premiarekin, baina jeltzaleek berriz ere kolokan jartzen dute, popularrekin batera, Memoria Historikoaren Euskal Lege baten premia hori (ikus agerraldi horretako aktak)".

Euskal plataformak Legebiltzarean, zehazki Legebiltzarreko otsaileko batzordean, alderdi guztiei jakitera eman zien LHE bat (Legegintzako Herri-Ekimen bat) prestatzen ari zela.

Plataformak bere LHEaren zirriborroa ezagutzera eman zien otsaileko batzordean interesa agertu zuten alderdiei. "Jeltzaleei eta Popularrei ez genien pasa zirriborrorik,  hain zuzen Batzorde horretan Legearen premiarekiko ageri zuten jarrera interesgabea ikusita".

EAJ-PNVk, frankismoaren aurkako plataformaren egitasmoa jakinda, Jaurlaritzaren bitartez, bere lege bat bultzatu du, euskal plataformarekin "inongo elkarrizketa barik".

Frankismoaren aurkako plataformak Legebiltzarrean LHEaren erregistroa aurkeztu zuen. Bi egun beranduago EAJ-PNVk gauza bera egin zuen.

Jaurlaritzaren maniobra horrek "baldintzatuta utzi du plataformakook lau hilabetetan milaka sinadura batzeko jarri behar dugun eginahal edo esfortzu ekonomikoa, soziala eta logistikoa".

Alderdi politiko horren maniobra "ez zaigu zilegi iruditzen", salatu du euskal plataformak. Hala ere, baloratu du EAJ-PNVk bere "jarrera ezkorrari 180 graduko jira eman izana".

Ondorioz, plataformak erabaki du "gure Herri Ekimena bertan behera uztea behin-behinean".

Horrela, "azkenean jeltzaleak ere Lege baten alde agertu direnez, guk Legebiltzarrean erregistratu dugun Lege proposamena izan beharko litzateke eztabaidatzeko oinarria, Lege Oso, Plural eta Eraginkor bat onartua izan dadin".

Izan ere, helburua da "inpunitatea uxatzea eta frankismoaren biktimen duintasuna legez babestea".

Era berean, plataformak dei egiten die otsaileko batzarrean plataformaren ekimenarekin bat egin zuten alderdiei (EH Bildu, PSE eta Elkarrekin-Podemos):

"Gure Lege proposamenarekin Ekimen parlamentarioa aurkeztu dezatela". Hortaz gain, "jeltzaleen asmoa berdina bada… alderdikeriak utzita betor Euskal Memoria Historikoaren Lege bat ahal denik eta azkarren!!".

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE