Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Ramon Ugalde (Arrasate Aurrerako alkategaia):

"Arrasate Aurrera herria hobetzeko gobernukide izango liteke"

Arrasate Aurreraren ordezkariak indar berezia jarri du mugikortasunean eta ondarearen babesean. Proposatzen ditu "kostu handiko obren ordez dirulaguntzak handitzea", baita "Udala herritarrarekiko humanoagoa izatea". Iritzi dio hauteskundeetan "zinegotzi bat edo bi lortuko ditugula".

595.Ramon.Ugalde.Udal-hauteskundeak19 (id: 4042069)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko maiatzak 10, ostirala

 

Ramon Ugalde Gorostiza arrasatearrak 61 urte ditu. Irakasle jardun zuen Arrasateko Institutuan, eta egun Arrasate Aurrera herritar-hautagaitzaren alkategaia da.

 

- Zerk bultzatu zintuen herritarren hautagaitza bat antolatzera?


- Galdera horri askotan erantzun diot: urteetan zehar gabiltz sumatzen Udalak ez dituela gauzak ondo egiten, Udaleko alderdiek ez dituzte gure perspektibak betetzen,... Nik 61 urte ditut eta gaztea nintzenetik Udalak izandako bilakaerak harrituta uzten nau.


Udalak gauza batzuk ondo egin ditu, baina beste batzuk ez, gure iritziz txarto. Txarto egiten dituen gauza horiek konpondu nahi ditugu, edo behintzat gure ikuspuntu eskaini, gure ekarpena egin konpondu ditzan. Udalak egindakoak frustrazioa eragin ditu.


- Zein pauso eman dituzue hautagaitza abiatzeko?


- Prozesu luze bat izan da, lehenago joera politiko ezberdinetako lagunekin hitz egitearen ondorioz, ohartu ginen gauza batzuk amankomunean genituela. Horrek galdera bat eragin zigun: "Eta zergatik ez dugu herritar-hautagaitza bat sortzen?".


Alde horretatik, hasieran pentsatu genuen hautagaitzari 'Zergatik ez?' izena jartzea, baina horrek kutsu negatiboa izan zezakeenez, erabaki genuen 'Arrasate Aurrera' deitzea.


Beraz, pentsamolde ezberdineko bizilagunek ideia batzuetan ados geudenez, erabaki genuen hautagaitza sortzea. Betiere Arrasatek Aurrera egin dezan, gure ekarpenak egiten, ahalegintzen.


- 500dik gora sinadura lortu zenituzten hauteskundeetan parte hartu ahal izateko. Nolakoa da sinatzailearen perfila?


- Sinatzaile zaharrenak 94 urte ditu eta gazteenak 18 urte. Sinadurak batzen erraztasun gehiago izan ditugu auzoetan, eskatzailea auzokoa bertakoa izanda, jendearekin elkar ezagutzen zuelako.


Denetariko pertsonak sinatu dute, baina batez ere joera politikoa oso markatua ez duten pertsonak. Zailtasun gehiago izan ditugu Udalarekin eta alderdi politikoekin zerikusia duten pertsonekin.


- Zer-nolako kanpaina egingo duzue?


- Baliabide askorik ez daukagu, baina alor ezberdinak landuko ditugu: mugikortasuna, hirigintza, ondasunaren defentsa,...

Alde Zaharra beste era batera intepretatzea beharrezkoa da. Adibidez toldoen gaineko debekua kenduko genuke, toldoak jartzeko baimena emanez. Eraikin bakoitzean tono bereko toldoak jarriko lirateke, udaletxean bertan ere. Alemanian eta Italian hainbat jauregik toldoak dituzte, zergatik hemen ez?


Udalak ez du toldorik jartzen uzten baina berak jarritako eszenatokiak egunak eman ditu bertan, parrokiako bidrierak estaltzen dituena.


Ez dugu zentzuzko ikusten Udalak derrigortzea Alde Zaharreko eraikinetan leihoak eta eraikinaren behealdeko baoak lerrokatu egotera.


- Zein ikuspuntu duzue kiroldegia berritzeko aurreproiektuaren inguruan?


- Uste dugu beste enfoke bat behar duela, gehiegizkoa da 24 milioi € gastatzea kiroldegi berri bat egiteko. Kiroldegian berriak diren azpiegiturak (tenis pista, skate parkea,...) mantendu beharko lirateke.

 

Kontuan hartu behar da gastu horren barruan ez dagoela kiroldegi ondoko etxeak botatzeko eta bizilagunentzako konpentsatzeko kostuak. Udalak oraindik ez du hitz egin etxebizitza horietako jabeekin.


Kirolen inguruko beste hausnarketa bat behar da, eta adibidez balioan jarri etxe horiek industrializazioko lehen faseko etxeak direla. Eraikin interesgarriak dira bertako materialarekin eginak direlako, Arrasateko hareharri berezi batekin, 'arenisca micacítica' izenekoa.


Santa Barbaran errokodromo bat egitea proposatzen dugu, baita beste kirol batzuk praktikatzeko gune batzuk ere. EAJk proposatzen du 400.000 € erabiltzea bertan ur-parke bat egiteko, baina parke hori urtean zehar gehienez bi hilabetetan soilik erabili ahalko da. Gainera, mantentze-gastuak altuak izango dira.


400.000 eurorekin sekulako errokodromo bat egin daiteke. San Andresen ere kiroldegi txiki bat egitea planteatzen dugu. Izan ere, kirolak deszentralizatzea eta dibersifikatzea gura ditugu.

 

Horretarako, bidea poliki-poliki egitea aurreikusten dugu, eta esaterako errokodromoak arrakasta izango badu, hurrengo pausoa eskalatzeko dorre bat jartzea izango litzateke. Zentzuzko gauzak aportatu nahi dugu.


Orokorrean, obra batzuek (Kulturola, Aprendices eta Kiroldegia) eta EH Bilduk proposaturiko zinegotzigotza berriak (hau da, hiruzpalau funtzionario gehiago) gehiegizko kostua suposatzen dute.


Dirutza hori zuzendu liteke eraikin horiek diru gutxiagorekin egiteko eta kirol-elkarteei, Arrasate Musikali, auzolanei, egoera ekonomiko zailean dauden pertsonei, herriko komertzioei, ... dirulaguntzak handitzeko.


- Azkenaldian lapurretek, mehatxuek,... kezka handia eragin dute. Nola konponduko zenukete arazoa?


- Arazo larria da. Ez da erraza konpontzea, 16 pertsonako talde bat da, jendeak ezagutzen ditu, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak atxilotzen dituzten arren, biharamunean epaileek aske uzten dituzte.


Proposatu izan da kale-agerraldiak egitea euren aurrean, baina konponbidea lortzeko arazoa sakonago aztertu beharko genuke, agente ezberdinekin hitz egin,...


- Udalarekin ere jarrera kritikoa izan duzue, zer aldatuko zenukete?


- Udalak herritarrei tratu humanoa ematen saiatuko gara, Udala herritarrengandik instituzio hurbila izan dadin. Oro har, gure proposamenekin Arrasate dinamikoagoa, alaiagoa, funtzionalagoa, politagoa,...


Alde horretan, azalpenak eskatuko ditugu Adan de Yarza jauregiko burdinazko hesia kentzearen inguruan, Etxezarretako harrizko zubi dotorearen inguruan,...


Franco hil zenetik, herritarrek aurkeraturiko alkateen, udalbatzen,... erabakien ondorioz Arrasatek ondare pilo bat galdu ditu. Gura dugu gure ondasun artistiko-estetiko-kulturala ahalik eta neurri handienean zaindu, edo behintzat baloratu.


- 2015eko Udal-hauteskundeetan alderdiek 600 arrasatearren botoak behar izan ziren zinegotzi bat lortzeko. Zein da zuen aurreikuspena?


- Nik uste zinegotzi bat edo bi lortuko ditugula.


- Arrasate Aurrerak suposatuko du ezkerreko botoak indar politiko gehiagotan banaturik egotea?


Ez, guk ez dugu sinesten eskumaren eta ezkerrearen arteko diferentzian. Praktikan, Arrasaten, ez dago halako diferentziarik. Ezin daiteke esan Maria Ubarretxena joera politiko batekoa dela eta Maider Morras beste batekoa.


Adibidez, Agenda 21aren harira, alkatearen mezua eta EH Bilduko ordezkaritzaren mezua berdinak izan dira. Arrasate Aurrera ez da ezkerrekoa, ezta eskumakoa ere. Gu hortik aparte gaude, eta jende gehiena praktikan ez da ezkerrekoa edo eskumakoa. Txanpon bereko bi aldeak dira ezkerra eta eskuma.


- Hauteskundeen ostean, Arrasate Aurrera gobernatzeko giltza bada, zer egingo luke?


- Baldintza batzuk jarriko genituzke, identifikatuko genituzke ea udal horren jarrera autoritarioa izango litzatekeen edo ez, herritarrak errespetatuko lituzkeen edo ez, herritarren eskubideak errespetatuko lituzketen edo ez, gobernuko liberatuko kopurua,...


Uste dugu EH Bilduk, 2011tik 2015era agindu zuenean, gehiegizko liberatu kopurua onartu zuela. Ez zitzaigun gustatu orain arteko alkateak bere buruari jarri zion soldata.


Gobernua osatzeko gure zinegotziaren/zinegotzien babesa nahiko lukeen alderdiak edo nahiko luketen alderdiek, gurekin adibidez plan urbanistikoen inguruan eztabaidatu beharko lukete.


Gure programa mahai gainean jarriko genuke, eta programa honengandik hurbilen legokeen eskaintza babestuko genuke. Betiere arrasatearrendako gure ustez onena izango litzatekeen alternatiba lagunduko dugu.


- Arrasate Aurrera Udal-gobernu bateko parte izango litzateke?


- Bai, horretan ahalegintzen ari gara, Arrasaten gauzak aldatu nahi ditugulako. Oposizioan ere gauza interesgarriak egin daitezke, baina zailagoa izaten da.


- Zerbait gehitu nahi baduzu edo erantzundakotik zerbait azpimarratu, aurrera, zurea da hitza.


- Arrasatearrek herria benetan mapan kokatu nahi badute, orain dute aurkera 40 urteetan jasan dugun bipartidismo antzua gainditzeko. Hauteskunde-gauean hedabideek informatzen badute Arrasate Aurrera izan dela indar bozkatuena, seguru Euskal Herriko, Espainiako eta leku askotako fokuak Arrasaten jarriko direla.

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE