Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Ordainduren abokatuak Batzar Orokorrean:

"Garrantzitsuena da epaileak gure demandarekiko jarrera irekia izatea"

Elkartearen abokatu batek, Raul Tenes-ek, azalpenak eman ditu prozesu judizialaren inguruan. Gainera, egoera orokorraren inguruan mintzatu da Mikel Olabe, elkarteko lehendakaria. Bazkideek ere galdetzeko aukera izan dute.

595.Ordaindu.Ohiko.Batzar.16.Bazkideak (id: 4480158)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2016ko ekainak 16, osteguna

 

 

Arrasateko Ordaindu elkarteak Ohiko Batzar Orokorra egin du gaur goizean Amaia Udal Antzokian.

 

Bertan 330 pertsona inguru elkartu dira, eta besteak beste, Raul Tenes eta Jose Maria Simancas abokatuek parte hartu dute.

Raul Tenes abokatuak azalpenak eman ditu demandaren, Mondragonen erantzunaren, prozesu judizialaren,... inguruan.

 

Azaldu duenez, "Fagor Electrodomesticosen Hartzekodunen Lehiaketak oso baldintzatu du demanda judiziala".

Gaitzetsi duenez, "Fagor Taldeko eta Fagor Electrodoemesticoseko zuzendaritzetatik mezu bat bidali zitzaien bazkideei: Kooperatibak etorkizuna dauka, eta horretarako ezinbestekoa da zuek zuen dirua kooperatiban edukitzen jarraitzea".


Horregatik adierazi du "Mondragonek ardura daukala errudun delako edo engainua erabili zuelako", "Mondragonek argi zeukan Fagorrek ez zuela etorkizun argirik".


Demanda honen tesia, "gure tesia berria da eta Espainian antzekoak aurkezten hasi dira". Izan ere, "auditoreek batzuetan ez dute ondo betetzen euren lana", eta "auditoria oker horren ondorioz langileek, hornitzaileek,... okerreko erabakiak hartzen dituzte. Auzitegi Gorena auditoreak zigortzen hasi da".

 

595.Ordaindu.Ohiko.Batzar.16.Abokatua (id: 4522951)

Epaiketari dagokionez, abokatuak aurreikusten du "epaiketak egun batzuk iraungo du".


Ezagutzera eman duenez, "Bergarako 3 epaitegien artean eztabaida egon zen, batek ere ez zuelako auzia nahi". Dena den, abokatuak ukatu du hori auziagatik beragatik denik:

 

"Auziari neurri handienean muzin egin zion epaitegiak orain gutxi erabaki zuen kooperatiba batek herritar bati diru kopuru bat ordaindu behar ziola".

 

Demandari aurre egiteko Mondragonek "Uria bufetea kontratatu du, eta hango abokatu horietako bat Bilbokoa da, bikaina".

 

Ordainduren abokatuak azaldu duenez, "euren erantzuna uste baino errazagoa izan da, uste genuen gauzak zailago jarriko zizkigutela, baina edonola ere auzia konplexua da".

 

Prozesu judizialeko hurrengo pausoa aurretiazko entzunaldia izango da. "Hitzordu honetan ez dira sakoneko arazoak eztabaidatuko, baina gai gatazkatsuenak zehaztuko dira".

 

Aurretiazko entzunaldia 2017ko urtarrilaren 17an egingo da. "Atzerapen hau ez da normala: Nik aurtengo ekainean edo uztailean izatea aurreikusten nuen. Hori beteko izan balitz, epaiketa urri aldera hasiko litzateke. Baina epaiketa hurrengo urtean izango da, eta seguruenik epaitegiko agenda arazoengatik atzeratu da".

 

595.Ordaindu.Ohiko.Batzar.16.Bazkideak2 (id: 4598224)

Abokatuak azpimarratu du "garrantzitsuena dela epaileak gure demandarekiko jarrera irekia izatea"

 

Abokatuari galdetu diote ea Mondragon Taldeak epailearengan presioa egingo duen: "Mondragon Taldeak eragin handia dauka Eusko Jaurlaritzarengan, botere exekutiboarengan, baina ez hainbeste botere judizialarengan".

 

Beste bazkide batek galdetu dio ea Mondragonek zenbat denbora mantendu zuen bizirik FED? "Bi urte inguru, hau da, denbora nahikoa Mondragonek FEDerenak ziren aktiboak bere eskuetan mantentzeko, eta zuei [bazkideei] ezer ez ordaintzeko".

 

Abokatuaren azalpenen ostean, Ordaindu egoera orokorraz mintzatu da, eta Mikel Olabe lehendakariak adierazi duenez, "alderdi politiko eta instituzioek gutaz ez diote ezer txarrik publikoki, baina ahopeka besterik diote. Estrategiak dauzkate".

 

Ordainduk salatu duenez, Fagor Electrodomesticos erortzearen arrazoi nagusietako bat izan zen "MCCk horixe gura zuelako. FEDeko zuzendari batzuek ez zuten horrelakorik espero, ezta guk ere".

 

Bere iritziz, "nahita gezurra esan ziguten: Gisasolak 2012ko Batzar Orokorrean esan zuen FEDek etorkizuna zeukala".

 

Ordainduk gaitzetsi du "Ordainduko bazkide batzuei presioa egiten ari zaiela demanda aurkezteagatik. Hori defizit etiko eta demokratiko bat da".

 

Ordainduk demada irabaziko balu, "uste dugu beste kooperatibetako bazkideek ez dutela pertsonalki ordaindu beharko". Izan ere, "MCCk fondo propio bat dauka, eta fondo horrekin ordaindu ahalko ligukete, borondatea izango balute behintzat".

 

Ordainduk bere bazkide guztiei dei zabal bat egiten die "lotsak alboratuz eta txipa aldatuz" mobilizazioetan parte hartzera.

 

"Arazoa ez da gatazka, arazoa da gatazkak ez konpontzea, eta guk konponbidea lortu arte ez dugu etsiko".

 

Ordainduren bloga


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE